XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SANTA TERESA, OLERKARI.

Nor ez eder-zale?.

Emen, baiña, gauza bi daukaguz: bata ederraz konturatu ta bestea barru sentitzen dan eder-lera adierazo.

Begira: mendi-gaillurrean gagoz, mokor zapal gaiñ paketsu.

Aurrez aurre, nasai ta dizditsu ikuspegi bikaiña.

Ego-aizeak, goiz-goizetik urriñera dauskuz laiño narras eta gurme setatiak.

Begiak edegiz, ikuskizun sotillagorik!.

Bat-batean ederrez ase jatzuz zentzunak, begi-belarriak.

Bolbolka asi jatzu barrua, sutan pertza irakiten lez.

Ederrak artu zaitu atxilo, ederraren erdi-miñez zagoz; poema bat, su ta dardar, osotu nai zeunke.

Baiña eziña: aundituegi egin jatzu barrua; sugar baterako gertu zagozalarik be, ez arrazoizko lanerako, bolbolka orretatik ezin zeinke atera poema gori bat, naasiegi zagoz.

Ikusiz gauzen egia sartu jatzu barruan eta poema bat liriku kemenez egiterakoan, egiari, ludiko gauzetan naiz norbere barruan daroagun egiari, itz-eragin bear jako, txilio bat, irrintzi bat atera-azo.

Txilio ori, barriz, benetako olerkari danak itz giarrez, solas aukeratu ta esan-nai aundikoz jantzirik, biotzondo gori-gozoz ornidu oi dau.

Baiña ikuspegi zoragarri baten aurrean naiz barne-zauskada ugoldetan murgildurik gagozanean, ez jaku errez poema bete-bete bat osotzea: uin guenegiak gaukaz, sugarra motel dedilla apur bat, giro baketsuagoa bear dogu.

Bakezko giroa bai ona jaku aurretik bolbol euki dogun barrua usteko, elerti naiz olerti-lanerako.

Eta arira jorik, norbaitzuk esan dabe Santa Teresak bere mistikazko goraldietan ondu zituala bere poemak.

Ba'liteke au egia ez izatea osotoro.

Teresa olerkari dogun arren, etzan orri lotua ibilli, orri emona diñot berariz.

Juan Gurutzekoak Toledo'ko espetxean egoalarik arildu ebazan bere poesirik ederrenak, zati batzuk beintzat.

Santa Teresak komentu-lanean ebillela ondu euskuzan bere koplak.

Koplak dira, izan be, poesiak baiño geiago Teresaren olerlanak: bidez bide egiñiko koplak, urte barruan ospatzen ziran komentu barruan egiten ziran jaietarako koplak, solas-aldi naiz errekreaziñorako koplak, aiztaren baten jaiotegunerako koplak.

Koplari, ez olerkari; egia esan ba-zan gai ortarako be, mistikaz ta ederrez gaiñezka eukan izate-barrena, mendi-tontor bateko ikuspegi zoragarri batek aseturik lez bizi zan barru-bizitza yaio ta indartsu baten.